XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...): enplegu asko ematen du.

Erranen da, ez arrazoinik gabe, kanpotik etor litezkela enplegatu gehixenak.

Baina, tokiko jenderi hor lanaren erdiesteko burruka egin daiteke.

Bestalde, irabazpide pollita izan daiteke tokiko sal-erospenentzat.

Baina, Ziberotar naizen bezala, hontara iritxi nahi nuke: norako duten Ziberoa, Biarnokoan ala Euskal-Herrikoan sartu nahi duten.

Zeren Landes-etako zati baten Baionari lotzea anitz aipatu dute, aldiz gure Ziberoaz ez dute hitzik salatu jaunek.

Ziberoa Euskal-Herriko departamenduan sartu behar dela dudarik ez dugu Abertzaleek, guztiz Ziberokoek: Euskaldunak baigara, norbait izatekotan.

Bestela, guztientzat kalte haundia liteke.

Euskal-Herritik luzazko bereizirik liteke Ziberoa, gero eta gehiago euskaldungoaren galtzera kondenaturik.

Ez liteke aldiz euskalduna departamendu berria, guztiz Landes-etako puska haundi batekin, Ziberoa gabe.

Ta gero ere, Euskadiren batzeko orduan, nekezago gerta liteke Ziberoaren beste probintzieri lotzea.

Ez genuke beraz Ziberoarentzat onartu behar denboran Nafarroari egin zena: best euskaldunetarik bereiztea.

Baina, Ziberoa euskal departamenduan sartuz geroz, ez genuke zoko batean bazterturik utzi behar, Baionatik urrun... Hortaz ere min dutan tokian ematen dut mihia.

Eta ez nago batere bat J.L. Lizundia adixkideak idazten duenarekin: euskal departamenduaren suprefetura Donibane-Garazin behar litekela, Iruñari hurbil dagoelakoan!.

Ene ustez, euskal departamendurik egiten baldin badigute, suprefetura Maulen behar da.

Zer gatik eta zertako?.

Duela 50 urte oraino, suprefetura bat Maulen bazen: ez dute ahantzia adin bateko Ziberotarrek eta besteek ere badakite, plazatik hurbil han baitago beti suprefetura deitzen dugun etxe hura.

Ez da zuzen berriz ere besteen meneko izan gaiten Ziberotarrok, biziko urrats guztietan, jo hara, jo huna, zakur errabiatuak bezala, beti bidez-bide.

Garazi aldiz ongi kokaturik agertzen zait, Maule, Iruña eta Baionaren artean.

Deputatua ere ardura bertakoa dute, aspaldiko ohitura: Floquet, Ybarnégaray eta Inchauspe batzuen aipatzea nahiko da...

Abertzaleeri ez dut luzaz azaldu beharrik Ziberoak, halaber hego aldeko Nafarroak, kasu berezi bat hartze dutela, historian barna euskal guduketan lehen lerroan izanez hartu dituzten zaurien sendagailu, bai eta euskaldun haurridetarik ere merezi ez zuten mespretxu gehiegi haien ordari.

Hots, Ziberoa beste probintzieri loturik atxikitzekotan, suprefetura Maulen behar dela uste dut.

Nafarroari dagokionez, Iruña genuela Euskaldunen hiri-burua ez dugu agian ahantziko.

Hortaz ez dut gehiago erraten gaur.

BUKATZEKO Ez digute guri galde eginen euskal departamendu bat behar den ala ez.

Gaurko gizartean jaunen aferak baitira horik oro, bai eta gainerateko gehixenak.

Ikusiko da laster noradinokoa den euskal jaunen indarra.

Gaineko Euskal-Herriaren egitea horien eskuetan dago.

Baina peko Euskal-Herriaz arta hartzen dugunontzat bere garrantzia baduke gainekoak, gizarte kapitalista batean gaudeno.

Beraz jaunak, herriaren interesez eta etorkizunaz ahal bezainbat kontu harturik, jaun eginbidearen betetzera bortxatu behar ditugu Abertzale Sozialistek, nagusi direno, gure lan bereizia behin ere bazterrera utzi gabe.

Departamendu berri baten egitea ez da beharbada gure meneko.

Baina, holakorik egiten baldin bada, ez ote diogu mami herrikoi bat emanen?.